Gaur eguneko umeak giro naturaletan espontaneoki jolasteko beharra dute. Naturarekiko jasotzen diren zentzumen ugari esku hartzen dute eta Zapaburun horretaz kontziente gara. Natura egunerokotasunean sartzeak hainbat onurak ekartzen ditu: behatzeko gaitasuna garatzea, arreta, sormena, estresaren murrizketa, psikomotrizitatearen garapenaren hazkuntza, besteak beste.
Kanpoko espazioak mugimendu librea, espontaneoki sortzen den ekintza eta joku librea erraztea nahi du, beti ere, umeen ekintzak zuzendu gabe. Toki honetan ekintza mota hauek bultzatzea nahi denez, salto egitea, garrasi egitea, giro naturaletik datozen material organiko eta naturalak erabiltzea onartzen da.
Era berean, espazioaren muga orokorretan oinarritzen gara; bakoitzarekiko eta besteekiko errespetua (norbera egiten ari den ekintza ere kontuan hartuz), inguruarekiko errespetua eta zaintza: landareak, zuhaitzak eta bertan bizi diren izaki bizidunei errespetua, alegia. Kanpoko espazioan egoteko, bide-lagun bat egotea beharrezkoa da txikien segurtasuna bermatzeko.
Espazio honetan Haur Hezkuntzaren berezko beharrak garatuko dira: psikomotrizitatearen garapena eta gorputzaren kontrola bereganatzea, sormena, jostaketa eta haurren arteko sozializazioa
Nahiz eta gure kokapenak naturarekin harreman zuzenik ez izan, Zurriolako hondartza, Uliako mendia, Uliako mintegia, Kristina-eneako parkea oso hurbil ditugu. Hortaz, Zapaburuko esperientzia aberastu dezaketen giro eta leku ezberdinetara gerturatzeko aukera dugu.
Bestalde, sasoiko landareak ereintzeko baratza txiki bat izango dugu zaintza ekologikoa eginez.